2014(e)ko martxoaren 18(a), asteartea

Hizkuntza idatzia sukaldean landu (sekuentzia didaktikoa)

Praktika egonaldian hizkuntza idatzia lantzeko sekuentzia didaktikoa disenatu eta praktikan jarri dut. Nire urteak ospatzeko umeei magdalena bana eman nien eta hau magdalenak egiten ikasi eta prozesu horren errezeta produzitzeko proposamena egiteko aprobetxatu nuen. Esperientzia oso esanguratsu, aberatsa eta polita izan da. Nire blog pertsonalean sekuentzia didaktikoari buruzko laburpen txikia egin dut.

Erosketa zerrenda idazten


Gure magdalenak

Errezeta liburuxka







2014(e)ko martxoaren 4(a), asteartea

Egun on, talde hori

Azken bileraren eguna aldatu dut. Bihar egin beharrean hurrengo asteazkenean, martxoaren 12an egingo dugu.
Ordua: 15´00-17´00
Tokia: 4M

Agur bero bat

2014(e)ko otsailaren 18(a), asteartea

Egun on

Gaur, otsailaren 19an, 15´00etan Praktika aldiko bigarren mintegia dugu, 2M gelan.

Gaurko gaia norberak landuko duen diseinu didaktikoaren edo proiektuaren berri ematea da.

Gogoratu proiektu batek nolako urratsak segitu behar dituen eta zeintzuk dira irakaslearen zereginak:

  • Landuko dugun gaia umeen bizipenetatik hurbil egon behar da.
  • Lanaren planifikazioa (hau guztia adinera egokitua):
    • Umeen ikerketa bultzatzea: gaiaren inguruko aurreideietatik abiatuta, informazioa esanguratsua bilatzea, antolatzea eta sailkatzea.
    • Lortu nahi den helburua identifikatzea:  Ataza deskribatzea, egiteko estrategia aukeratzea, adibideak ematea, ebaluazio irizpideak definitzea.
    • Ideiak sortzea: informazio gehiago bilatzea, adituei galdetzea, ataza hainbat eratan aurkeztea .
    • Erabakiak hartzea: ideiarik onena zein den erabakitzea.

  • Ataza betetzea. Umeen esperimentazioa eta ikerketa bultzatuta
  • Umeen autoebaluazioa bultzatzea: ataza nola egiten ari den azaltzea, hanka-sartzetik ikaskuntza sortuz, arrazoiak eta ondorioak sortzea.
  • Umeen adierazpena bultzatzea: Ataza talde osoari aurkeztea, nork bere ideiak azaltzea, taldearen ekarpena aztertzea.
  • Esperientziaz ikastea: Ikasitakoa laburtzea, ikasitakoa beste inguru edo egoera batean aplikatzea, erabilitako pentsamendu prozesuak identifikatzea.

Mintegian egindako azalpenerako ondoko aldeak kontuan izan beharko ditugu:
  • Zer egingo dugun: Ataza azaldu
  • Nola egingo dugun: ikasle taldeak, erabilitako espazioak, materialak, emango ditugun laguntzak nahiz azalpenak, bestelako baliabideak (pertsonalak nahiz kontsultarako materialak)
  • Noiz egingo dugun: eguna, ordua, saioen iraupena.
  • Umeen lana nola erregistratuko dugun: bideoa, audioa, behaketarako erregistro orria, notak...

2014(e)ko otsailaren 5(a), asteazkena

1. Mintegirako Hausnarketa: Otsailak 5

ARMENTIA IKASTOLA
Ania López Leonardo
Gela: 1 urte

Ondoren, lehenengo mintegian landu dituzuen urratsak landu ditut, hauetan nire esperientzia konpartitzeko asmoz:

Gelako irakaste-ikaste egoerak:

Nire gelako metodologiari dagokionez, jolas espontaneoa edo librea da egunerokotasunean nagusitzen dena. Honekin batera, astean zehar errutina zehatzak jarraitzen dituzte batzuk egunero errepikatzen direnak (kaleko zapatilak kendu eta gelakoak jarri, hamaiketakoa, ura edan, fardelak aldatu, jantokia). Esan beharra dago, gelaren espazioaren antolaketa zehaztuta ez egon arren ekintza hauek burutzeko gelaren espazio zehatzak erabiltzen dituztela, hala nola, asanblada eremua edo komunaren eremua. Errutina horiek osatzeko, hiru ekintza nagusi lantzen dituzte: plastika, musika eta psikomotrizitatea. Hauek ordutegian zehaztuta egon arren, ez dira beti betetzen egoeraren arabera tutoreek egitea ala ez erabakitzen dute. Beraz, metodologia ez da oso zehatza eta ikasleen beharrei zuzenduta dagoela esan dezakegu. Aipatzekoa da, gaiak lantzen dituztela (udazkena, negua...) baina ez dute egunero lantzen, ekintza horiek ez dute jarraipenik, noizean behin hauek lantzeko ekintzaren bat prestatzen dute.

Gelako ikasleen antolamendua eta ikaskuntza prozesuak:

Gelan 15 ikasle daude, 10 mutil eta 5 neska hain zuzen ere. Aipatzekoa da, ikaskuntza prozesuak ezberdinak direla 1-2 urte bitartean daudelako. Beraz, ikaskuntza erritmoei dagokionez aniztasuna dago ; batzuk urte bat dute eta beste batzuk 2 urte bete dituzte. Bakoitzak duen garapen maila batez ere komunikatzeko orduan nabaritzen da. 

 • Gelako komunikazio eta elkar eragite prozesuak:

Orokorrean, komunikazio egoeretan tutore-ikasle harreman horretan duten ulermen gaitasuna handia da, nahiko ondo ulertzen baitute helduek esaten dioguna, haiek egoera hauekiko izaten dituzten erantzunetan (jarreretan) ikus daiteke. Honez gain, komunikazio gaitasuna ezberdina da ume bakoitzaren arabera. Ikasle guztiek komunikatzeko saiakerak egiten dituzte: batzuk soinuak besterik ez, beste batzuk hitzak osatzen saiatzen dira eta beste batzuk objektuen izenak ezagutzen eta esaten dituzte baita ikasleen izenak ere. 

 • Elkarbizitzaren planteamendua eta gatazkak konpontzeko estrategiak:

Nire tutoreek ikasleen arteko gatazkak konpontzeko erabiltzen duten estrategia ez da oso zorrotza. Haien ustez, haurrek egoera horietaz kontzientzia hartzeko eta horiek konpontzeko bideak aurkitzeko askatasuna utzi behar zaie. Beraz, gatazkaren bat sortzen denean, gehienetan materialarengatik, ez dute momentu berean esku hartzen baina egoera konplikatzen bada, hau da, elkarri jotzeko asmoak egotekotan, berehala arazoa konpontzen saiatzen dira, betiere haur horiekin gertutasunez hitz egiten eta elkar ulertzea sustatuz

Ikaskuntza erritmoekiko arreta:

Ikaskuntza erritmoak guztiz errespetatzen dituzte. Honetaz pasabidean egoten den jostailu bat gelara sartu genuenean ohartu nintzen. Altuera zuen eta haurrek honetara igotzea nahi zuten. Batzuk, gaitasun psikomotorrak nahiko garatuta dituztenez autonomiaz lortzen zuten baina beste batzuk zure laguntza eskatzen zuten ezin zutelako igo. Haur horiei ez diete igotzeko laguntzarik ematen, bakoitzaren erritmoak errespetatzen dituztelako haien kabuz aurre-pausoak eman ditzaten. 

Gelako tutoretza jarduerak, familiekiko harremanak:

Familiekiko harremanak oso gertuak dira, saiatzen dira profesionaltasun hori pixka bat estaltzen gurasoek ere gustorago sentitzeko asmoz. Emailez komunikatzen dira eta urtean zehar bi edo hiru bilera besterik ez dituzte. Hala ere, gurasoren bat nahi izatekotan aukera ematen zaie tutoreekin nahi dutenean elkartzeko. Familiaren partehartzea oso handia da, hamaiketakoa egunero guraso batek eramaten du, haur guztientzako. Gelako materialak ere astean zehar guraso batek etxera eramaten ditu garbitzeko eta gelan erabiltzen diren horietako batzuk etxetik ekarritakoak dira, erabiltzen ez diren materialak (yogur poteak, aparatuak, latak…).

2014(e)ko urtarrilaren 31(a), ostirala

Otsailaren 5ean ondokoak aztertu behar ditugu

  • Gelako irakaste-ikaste egoerak deskribatu, interpretatu eta baloratzea.
  • Gelako ikasleen antolamendua eta ikaskuntza prozesuak.
  • Elkarbizitzaren planteamendua eta gatazkak konpontzeko estrategiak.
  • Ikaskuntza erritmoei jartzen zaien arreta, ikaskuntzako talde heterogeneoetan.
  • Gelako tutoretza jarduerak, familiekiko harremanak.
  • Gelako komunikazio eta elkar eragite prozesuak.